Orio Produkzioak, S.A. ekoiztetxea Martin Ibarbiak sortu zuen 1988an. Hastapenetik euskara eta euskal kultur esparrua izan ditu oinarri enpresa honek.
Dokumetala izan du ardatz ekoiztetxe honek eta egun ere horrela da. Hasierakoak “Joxe Miel Barandiaran, 100 urte” eta “Urak dakarrena” atal sorta izan ziren. Ondoren, Algis Arlauskas zuzendari euskal-errusiarraren eskutik 9 atal osatu genituen “Vivir y morir en Rusia” izenburupean. Arrakasta berezia izan zuen sorta honek eta gainera, Anima ekoiztetxe errusiarrarekin batera lan egiteko aukera eskaini zigun. 1994an Montrealen egin zen Input lehiaketarako “Agustin Gomez de Segura” kapituluak hartu zuen parte.
Algis Arlauskasen eskutik beste bi produkzio gehiago egin genituen: “Bakearen soka”, Nuarbeko soka tira taldearen inguruan egindako dokumentala eta bestetik, euskararen sorreraren inguruan egin genuen “Laugarren mundua” izeneko dokudrama.
Egun ekoiztetxearen ardura Unai Ibarbiarena da. Lan talde buru berriz, Eriz Zapirain kazetaria dago, euskal rock radikalaren inguruan zuzendu zuen “Salda Badago” dokumentalaren egilea. Bere zuzendaritzapean Euskadin zehar izan gara dokumental sozialak egiten (“Begia Gose”), Europan zehar ibili gara euskaldunen atzetik (“Europa Euskaraz”) eta Estatu Batuetan zehar euskaldun gehiago topatu ditugu, “Bietertarrak”, “Idaho-Kalifornia: bidaia mendebaldean zehar” eta “New York: 48 ordu”.
Kultur arloan egin ditugun saioak ETBren historiako parte dira. “Hitzaro-Lengua Viva” magazinak, esaterako, 200 atal osatu zituen. Euskal kulturaren inguruan eta zehazki euskararen inguruko esparru sozial, kultural eta ekonomikoak aztertu ziren programa honetan, baita euskararen normalizaziorako urratsen berri eman ere.
Orio Produkzioak ekoiztetxeak egun Sautrela literatura saioa mantentzen du ETB-ko programazioan. Hasier Etxeberriak aurkezten duen saioak 130 atal osatu ditu eta telebistako kritikari zein literatura arloko profesionalen onespena jaso du.
Ekoiztetxe honen zutabe nagusia euskara izan da, dokumental eta kultur saioetan oinarrituz batik bat eta etorkizuneko erronka esparru horretan jarraitzea da.
Bestalde, fikzioa gure betiko ametsa izan da. 2005 urtea “Kutsidazu bidea, Ixabel”-en urtea izango da, luzemetraia eta 5 ataleko seriea ekoiztuko baitugu. Gainera, TV Movie-en arloan ate berriak ari gara irekitzen Estatuan zehar.
Orio Produkzioak ekoiztetxeak hirugarren bide bat du zabalduta, DVD korporatiboarena. Dagoeneko AZTI erakundearentzat egin dugu DVDa eta bezero berrientzat prestaketetan gabiltza.
Orohar Orio Produkzioak ekoiztetxeak egonkortasun maila bat lortu du. Betacam Digitalean lan egingo duen post-produkzio sala ere atondu du enpresan, ikus entzunezko merkatuan eskaintza integrala osatzearren eta bide berriak urratzeko asmoz. |
|
|